XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herri eta hirietan, eta trenbideen ondoan, tren-geltokiak daude; han kargatzen eta deskargatzen dira trenak, eta bidaiariak ere bertan igotzen edo jaisten dira.

Hainbat zerbitzu izaten dituzte: egongela, txartelak hartzeko leihatilak, informazio-bulegoa, trenen joan-etorria erregulatzeko bulegoa...

Ekar itzazue ikasgelara tren eta autobusetako txartel desberdinak.

Seinalatu zer duten idatzita, eta apuntatu.

Itsatsi batzuk zuen koadernoan.

Jakin eta idatzi tren eta geltokietan gorde beharreko arau batzuk.

Prestatu eztabaida ikasgelan, trenen eta errepidezko garraioaren abantaila eta desabantailez.

Batzuek trenaren alde egingo dute, eta besteek auto, autobus eta kamioien alde.

Gero, apuntatu konklusioak.

Zein garraiabide publiko erabil dezakezu zure auzo edo herritik?

Ba al da geltokirik?

Norako?

Itsas portuak arrantzarako edo merkantziak eta bidaiariak ontziratzeko eta lehorreratzeko erabil daitezke; merkantziak eta bidaiariak urrunera joan ohi dira gehienetan, merkataluntzi eta transatlantiko handietan.

Luze-zabal handia hartzen dute, eta nasa asko eta beste zerbitzu batzuk izaten dituzte: itsasuntzien konponketa, aduanak...

Euskal Herriko portu nagusiak Bilbo, Pasaia eta Baionakoak dira.

Itsasuntziak, oporretako kruzeroak izan ezik, gero eta gutxiago erabiltzen dira bidaiari-garraiorako, geldoak baitira, eta nahiago da hegazkina.

Hegazkina garraiabide garrantzitsuenetako bat bihurtu da azken urteotan, oso bizkorra izateari esker.

Euskal Herrian bost aireportu ditugu, denak ere hiri nagusietatik hurbil; munduko beste alde batzuekin komunikatzen gaituzte.